XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Datu horrez gain, beste ezaugarri garrantzitsu bat kontuan hartu behar da.

Egia da Ipar Euskal Herriko jende kopurua etengabe haziz doala, baina, azken hogeita hamar urte hauetan, emendatze hori etorkinei esker egiten da. Hain zuzen, 1975ez geroztik, emaitza naturala ezezkorra da (- 3.322 1982 eta 1990ko urteen artean).

Ipar Euskal Herriaren geroaz gogoetatzen garelarik, besteak beste euskararen eta euskal kulturaren etorkizunaz euskal lurralde honetan, ezin ditugu ezaugarri kezkagarri horiek gorde.

Euskararen egoera

XIX. mendean egin ziren lehenengo inkestak euskararen egoeraz Ipar Euskal Herrian.

Lehen Inperioaren garaian, Coquebert de Montbreten ardurapean egin zen ikerketak 108.000 euskaldun kondatu zituen.

Mende horren bigarren zatian, egin ziren ikerketa lan batzuen ondorioak ere eskutan dauzkagu hala nola Francisque Michel (135.000), E. Reclus (120.000) eta Luis Luzien Bonaparterenak (125.000).

Mende bat itxaron beharko da beste ikerketa lan baten emaitzak jasotzeko, hain zuzen Pedro de Yrizarrek argitaratu datuak (1973): 80.000 bat euskaldun zenbatzen ditu.

1987an, Xiberuko Sû Azia kultur elkarteak eskaturik, Donostiako Siadeco inkesta etxeak ikerketa baliagarri bat bideratzen du, Ipar Euskal Herri Barnealdeko zati batean.

Euskal Herri osoari begira, 1991. urteak bihurgune bat markatzen du euskararen egoera soziolinguistikoaren azterketan.

Hegoaldeko Euskal Autonomi Erkidegoko hizkuntz politikarako zerbitzuek Euskal Herriko lurralde guztietan euskararen egoera neurtzea erabakitzen dute.

Hizkuntzaz arduratzen den egitura administratiborik ez izanez Ipar Euskal Herrian, jaio berria zen Euskal Kultur Erakundeari proposatzen zaio lan hori kudeatzeko ardura iparraldeko probintzietan (Siadecok egiten duelarik datu bilketa). Epeak laburregiak izan zirelako, ez zen baldintza tekniko hoberenetan antolatua izan kontsulta hori.